2023ko martxoaren 23a
Amaieraren amaiera.
Hamaikagarren eta azken etapan Nafarroako eta Euskal Herriko mendirik garaiena igo dugu: Hiru Erregeen Mahaia.
300 kilometro pasatxoko bidaia Euskal Herrian zehar.
Kontakizunean diodan moduan, ez dut uste balentria bat egin dudanik. Bizitza normal bat izan nahi duen optimista burugogor bat naiz, besterik ez.
Hala ere, tontorrean asko hunkitu naiz. Oraindik hemen nagoelako. Goizero esnatzean egiten dudan lehen gauza eskuak eta oinak mugitzea delako, igartzen ditudala ziurtatzea.
Eta, motel, honaino ere iritsi naiz.
Honaino ere iritsi ahal izan naiz.
Hartu arnasa, ingurura begiratu eta egindakoaz goza dezagun.
Hemen etapa honen GPX fitxategia eta Stravako jarduera. Bideoaren ostean ibilbidearen kontakizuna.
Izaban geunden ostatu batean eta kotxez joan gara Linza aldera. Bertatik ekin diogu etapari.
Berez nire asmoa zen bezperako etapa Belaguako aterpetxean amaitzea eta gaur bertatik ekitea. Baina atzoko egunean aurkituriko baldintzak kontuan izanik, Linzatik hastea erabaki genuen.
Elurrik ez dagoenean, eta eguraldiak laguntzen badu, ez dauka misteriorik ibilbideak. Eta, goizeko ordu normaletan irteten bazara beste hainbat mendizalek norabide bera jarraituko dute.
Linzako aterpetxetik Hiru Erregeen Mahaiko tontorrera zortzi bat kilometro daude eta 1.150 bat metro positiboko igoera.
Gu igo ginenean elur dezente zegoen hasieratik, eta ipar haizea. Horren ondorioz, dena zuri-zuri egon arren, bero pasa genuen haizerik ez zegoen guneetan.
Uda sasoian, elurrik ez denean, tontorra albo batetik igotakoa naiz. Baina oraingo honetan zuzen igo ginen, Budogia eta Hiru Erregeen Mahaia mendien tontorren artean dagoen lepotik.
Guztira 16 bat kilometro izan ziren eta ia-ia 8 ordu. Elurra dagoenean beste erritmo batean egiten da aurrera.
Elurrak mantso mugitzera behartu gintuen, baina tokiaren edertasunak eta eguraldiak animatu gintuen inguruetara begira sarri geratzera. Gozatzeko moduko ingurua da.
2023ko martxoak 16
Bidaiaren bigarren zatia. Amaieraren hasiera, Orhi mendira igotzen konpainia onean
2022ko abenduak 1