ZAZPI proiektua - 01 aurkezpena

2022ko urriaren 13a

Gaurko honekin ZAZPI proiektua pixka bat gehiago azaldu nahi dizut.

Hiru fase izango ditu:

  1. Kontakizuna
  2. Bidaia
  3. Dokumentala

 

Kontakizuna da orain egitera noana. Kapituluka joango natzaizu proiektuaren berri ematen: nor naizen, nola antzeman nuen lehenengoz gaitza, diagnostikoa, … Kontakizun hau neronek egingo dut, tipi-tapa.

Ondoren etorriko da bidaia. Hor Pello Osorok lagunduko nau. Zein den bidaia ez dut kontatuko. Izan pazientzia, pixkanaka ikusten joango zara.

Dokumentala izango da proiektuaren azken emaitza. Bidaian zehar Pellok grabaturiko irudiekin eta Maite Arroitajauregi Mursegoren musikarekin osatuko dugu.

Babesletzak

ZAZPI proiektua, eta bereziki dokumentala, finantzatzeko, enpresen babesletza izango dudala kontatu nizuen.

Baina, plano pertsonalean babestu daiteke ZAZPI?

Ez, oraingoan ez.

Horren ordez, zera pentsatu dut: niretzat garrantzitsuak diren 3 gai lantzen dituzten elkarte edo fundazioentzat eskatzea ekarpenak. Zeintzuk?

Dale candELA

Esklerosi anizkoitza eta alboko esklerosi amiotrofikoa (ELA, gazteleraz) gaitzek “esklerosi” berba partekatzen dute, baina ez daukate zer ikusirik. Sarri nahastu dute nik daukadana, lehena, bigarrenarekin. Eta demaseko hotzikara ematen dit. Horregatik, aukeratu dudan lehen elkartea Jaime Lafitak sorturiko Dale candELA da. Nolako irribarrea daukan Jaimek! Sartu euren webgunean eta ikusiko duzu nolako arropa polita saltzen duten!

Kilian Jornet Fundazioa

Mendia eta natura babestearen alde egiten du Fundazioak. Gai garrantzitsua da. Funtsezkoa. Ez dago B planetarik. Haien webgunean ekarpenak egiteko atal berezi bat dago. Bota begiratu bat.

Hiru Hamabi

Askoz nahiago dut esklerosi anizkoitza nik izatea nire alabetakoren batek baino. Ekainean Ibon eta Kristina ezagutu nituen. Haien seme batek garun-paralisia dauka. Hiru Hamabi da haien moduko umeak dituzten gurasoen elkartea eta webgunean donazioak egiteari buruzko informazioa ematen dute. Animatu zaitez!

Beraz, hastera goaz. Adi egon. Lagun bati interesatuko zaiola uste baduzu, berbidali post hau, edo harpidetu epostaz hemen.

Zatoz nirekin!

Entzun edo ikusi

Audioan ere entzun dezakezu. Hemen Anchor.fm plataforman edota Spotifyn:

Harpidetu bidaiaren berri izateko

ZAZPIren babesleak:

laboral kutxa
Erreka
gualbi-logoa

ZAZPI proiektuak Eusko Jaurlaritzaren babesa izan du

Eusko Jaurlaritza HPS