2023ko martxoaren 16a
Amaieraren hasiera.
Orhi magalean utzi nuen ZAZPI bidaia behin-behinean Bederatzigarren etapan.
Lau hilabete ostean, hemen naiz berriz.
Lagun jakin batzuekin amaitu nahi nuen ZAZPI bidaia, eta denen agendak koordinatzeko lau hilabete behar izan ditugu.
Izaban pasa genuen martxoko lehen asteburua.
Mendira koadrilako Fran, Fernando Errekalde mendiko gida eta Osoro aita-semeak, IƱaki eta Pello, etorri dira nirekin. Maria, Maialen eta Katrin Izaban. Konpainia hobea ezin. Zorionekoa ni.
Asteburuko helburua: Orhi eta Hiru Erregeen Mahaia mendiak igo eta jaistea.
Hemen ibilbide teorikoaren GPX fitxategira esteka eta hemen egindako Stravako jarduerara sarbidea.
Hamargarren etapa hau pentsatu nuenean asmoa zen Iturzaetako lepotik (Orhi magalean dagoen tuneletik) abiatuta Orhi tontorrera igo/jaistea eta ondoren Otsogorrigaina eta Lakartxela albotik pasa ostean Belaguako aterpetxera iristea.
Baina elurrak dena estaltzen zuenez, Abodiko eski-estaziotik ekin diogu. Hortik errepideari jarraituz joan gara Iturzaetako leporaino. Hiru bat kilometroko tartea.
Ondoren, Orhira igo eta jaitsi. Elurretan genbiltzanez, ez diogu kasurik egin trackari eta Fernandok elurra ganoraz zegoen tokitik gidatu gaitu.
Berriz ere Iturzaetara iritsi garenean, ikusirik nahiko mantxo joan garela, Belaguaraino falta zen bidea eta hurrengo egunean geneukan etapa luzea, Abodira itzultzea erabaki dugu.
Guztira 10 kilometro izan dira gaurkoan, Abodiko aparkalekutik Orhira, eta buelta.
2022ko abenduak 15
Kitto. Etapa honekin amaitu dut ZAZPI bidaiaren lehen saioa, Orhi mendiaren magalean
2022ko abenduak 12