2022ko abenduaren 12a
Gure iragana eta oraina.
Bien arteko zubi-lana egin du Donibane-Garazik.
Bertatik ekin diot bidaia honetako zortzigarren etapari.
GR-10 ibilbideari jarraituz Nafarroa Behereko gailurrik garaienaren bila irten naiz.
Zortzigarren etapa hau luzea izan da.
Baina toki eta modu ederrean amaitu da.
Ikusi, entzun, eta jakingo duzu zergatik diodan hori.
Etapa honek hasiera bikaina dauka: Donibane-Garaziko harresien alboan ekin, Espainia karrika inguratu eta Zitadela karrikan gora joan ginen.
GR-10aren ibilbidetik joan ginen etapa guztian zehar, beraz, galtzeko arrisku gutxiago.
Hasi eta hiru kilometro pasatxora Zaro herrixkara iritsi ginen. Ordura arte goranzko joera suabea izan genuen. Hortik aurrera agertu ziren ingurune malkartsuak.
Bederatzi bat kilometro generamatzala Gatarre mendi-tontorraren albotik pasa ostean Ezterenzubirako jaitsierari ekin genion.
Jaitsiera tentea egin genuen asfaltozko bidean barrena Ezterenzubira. 12,5 kilometro. Etaparen herena, gutxi gora-behera. Kitto. Errazena eginda.
Ezterenzubin, hilerri albotik igotzen den errepidean gora doa GR-10 ibilbidea.
Sei bat kilometroz gora eta gora egin nuen, asfaltoa eta mendi-bideak tartekatuz, Iturranburuko leporaino. Lepo honen ostean kilometro batzuetako jaitsiera lasaia dago, Intzarazkiko etxoletaraino.
Etxola hauek pasa eta eskuinera desbideraketa hartuta… arnasa sakon hartu beharra dago, parez-pare aldapa handia daukagulako hurrengo kilometro eta erdian.
Irauko lepora iritsi nintzen hor, hanketan 23 kilometro pasatxorekin.
Irautik beste bost bat kilometroko igoera dago Nafarroa Behereko mendi garaienera, Okabera. Hasieran igoera malkartsua, lasaixeagoa ondoren.
Okaberen gailurrean ikuspegi ederraz gozatu daiteke, eguraldia lagun badugu.
Tontorretik lau bat kilometroko jaitsiera dago Chalet Pedro ingurura.
Gure autokarabana kilometro bat beherago zegoen apartatua. Irati-Garazin lo egiteko ostatuak eta kanpalekua dago, baina aurrez ziurtatu irekita daudela eta, ahal dela, erreserbatuta joan, etapa honek aukera gutxi ematen dituelako laburragoa egiteko (aukera bakarrenetakoa Ezterenzubin lo egitea litzateke).
2022ko abenduak 8
2022ko abenduak 5