ZAZPI - 17 Zazpigarren etapa

2022ko abenduaren 8a

Ez dakit.

Nola laburtu egun hau?

Gauza desberdin asko esan ditzaket. Eta ez litzateke gezurrik egongo.

Hasteko, ez nuela uste etapa egongo zenik.

Bestetik, ezezagun bati ZAZPI bidaia goitik behera kontatu diodala.

Esan nezake gaurko etapa dela orain arteko aho-zapore gozoena utzi didana.

Edota mendilerro zoragarri batean ibili naizela.

Baita edertasuna ez dagoela beti tontorretan ere, ez ditzagun haranak ahaztu.

Edota bakardadean gaudenean garela gai gure onena ateratzeko.

Denak dira egiak. Denek azaltzen dute gaurko egunak.

Zazpigarren etapa.

Behean.

GPX fitxategira eta Stravako jarduerara sarbidea.

Entzun:

Audioa entzungai hainbat plataformatan: Anchor.fm, Spotify, Google Podcast, …

Ibilbidearen deskribapena

Etapa hau Errobi ibaia gurutzatzen duen Nobilia zubian hasi nuen, bertatik Bidarrai herri-kaxkora igota.

Kilometro eta erdi pasatxo neramala, Urdaburua baserrian, errepidea utzi eta mendian gora ekin nion.

Etaparen lehen zati honetan Iparla mendi-lerroa izan nuen nire gidaria, nire iparra, eta GR-10 ibilbidearen marka zuri-gorriei jarraituta, ez dauka galtzeko arriskurik.

Ia zazpi kilometro daude Nobilia zubitik Iparla mendi-tontorrera, eta ia 1.000 metroko desnibel positiboa. Poliki egiten da aurrera, igoera tentea delako eta bidearen zati handi batean harri ugari daudelako.

Behin Iparla mendi-lerro gainera iristean belardietan barrena joango gara. Ikuspegi ederra dago eta atsegina egiten da bertatik pasatzea.

Mendi-lerro gainean gora-behera ibili nintzen zenbait kilometroz, Arrietako lepora jaitsi arte. Etapako 9. kilometroa, gutxi gora-behera.

Hor berriz gorantz egin zuen bideak, Buztanzelai tontorraren bila. 500 metro aurrerago dago izen bereko lepoa, etapako 12. kilometroan, eta hortik aurrera jaitsiera luzea dago Baigorrira arte. Beti GR-10 ibilbidea jarraituz.

19 bat kilometro neramatzanean iritsi nintzen Baigorrira. Agur esan nion GR-10 ibilbideari. Berez, GR-10ak Donibane-Garazi neukan hurrengo herrigune handia, nire etapa honetako amaiera. Baina horretarako Munhoa mendia igotzen du, eta nik aukera lasai eta lauagoa nahiago nuen.

Horregatik, Baigorriko errugbi zelaian Donibane-Garazira doan errepide bazterretik joan nintzen. Kilometro eskax bat egin ostean, ezkerretara egin eta auzo-bide batean sartu nintzen.

Auzo-bidea mendi-bide bilakatu zen eta Jara mendiaren magala ikusten nuela egin nuen aurrera.

23 kilometro neramatzan Irulegi herrira iritsi nintzenean. Herria atzean utzi, errepidea gurutzatu eta auzoz-auzo joan nintzen Azkarateraino, 29. kilometroa.

Berehala iritsi nintzen Uharte-Garazira eta handik alboan dagoen Donibane-Garazira. Ia-ia 31 kilometroko etapa izan zen.

Ibilbideak aukera ematen zuen Baigorri edota Irulegi baliatuz apur bat laburtzeko.

2022ko abenduak 5

Atzoko lanak amaitzea beste intentzio barik ekin diogu gaurko egunari, muga zeharkatuz

2022ko abenduak 1

Batzuetan planak pikutara bidaltzea ez da kontu txarra, bidaiaz gozatzeko balio badigu

Harpidetu bidaiaren berri izateko

ZAZPIren babesleak:

laboral kutxa
Erreka
gualbi-logoa

ZAZPI proiektuak Eusko Jaurlaritzaren babesa izan du

Eusko Jaurlaritza HPS