ZAZPI - 15 Bosgarren etapa

2022ko abenduaren 1a

Moldatzeko gaitasuna.

Egoerari egokitzen asmatzea.

Ez nator Darwinen teoriak aipatzera.

Azken urteetan horretan asmatu nahian dihardut.

Eta bidaian hori praktikan jartzen ari naizela iruditzen zait.

Plan bat neukan egina bidaia honetarako, bere ibilbide eta etapekin.

Baina gauza bat da etxeko epeltasunean norbere buruan irudikatzea eta bestea bidaiari ekin eta espero ez zenituen “gauza” horiei aurre egitea.

Gaur etxetik nekarren plana pikutara bidali dut, nolabait.

Nahita egin dut. Eta hori ondo dagoela iruditzen zait.

Bidaia batean plan bat izatea beharrezkoa da.

Baina inportantea da egokitzea.

Bidaietan, eta bizitzan.

Laburpena behean.

Kuxkuxeroentzat, hemen GPX fitxategira eta Stravako jarduerara sarbidea.

Ah, eta gaurkoan beste paradisu bat ezagutu dut. Aberatsak gara.

Entzun:

Audioa entzungai hainbat plataformatan: Anchor.fm, Spotify, Google Podcast, …

Ibilbidearen deskribapena

Bertizko Jaurerriaren aparkalekuan ekin nion etapari eta aurrena Oronoz-Mugairi herria zeharkatu nuen puntatik puntara. Bi kilometro eta erdira, ezkerretara zegoen bide baten gora jo nuen. Infernuko Errotaren seinaleei jarraitzen.

Lau bat kilometro gehiagoz jardun nuen errepide honetan gorantz igotzen. Etapako seigarren kilometroan nengoela, eskuinera zihoan mendi-bide batean desbideratu nintzen.

Makina bat bordaren albotik pasa nintzen. Egunaren hasieran eguraldi txarrak ez zidan utzi inguruaz zein paisaiaz gozatzen. Kilometroetan aurrera joan ahala atertzen joan zen eta Baztango mendiek eskaintzen duten ikuspegi ederraz gozatu ahal izan nuen.

Hamabi bat kilometro neramatzanean errepide batekin gurutzatu nintzen, Larraldeko Bordaren alboan.

Hortik gutxira, 13 bat kilometro neramatzanean, Pirinioak zeharkatzen dituen GR-11 ibilbidearekin egin nuen topo hiru bat kilometroko tarte txiki batez, Atxuela mendi inguruan berriz banandu arte.

Hortik hiru kilometro eta erdi falta ziren eguneko mendi tontor garainera: Alkurruntz.

Erraz iristen da Alkurruntz mendi magalera hegoaldetik joanda eta azken tartean aldapa pikoa dauka.

Tontorraren azpian dagoen bunkerra ikusteak merezi du.

Alkurruntz tontorretik Otsondo mendatera jaitsiera tentea dago eta kontuz egin nituen lehen metroak.

Pare bat kilometro besterik ez daude Alkurruntzetik Otsondora.

21 bat kilometro inguruko etapa da hau.

2022ko azaroak 28

Bezperako ezinaren ostean, saiatzea nahi nuen, nire esku zegoena egin, nire ardurari heltzea

2022ko azaroak 24

Mina, ezina, etsipena, … hitz hauek laburbiltzen dute bidaiaren hirugarren etapa

Harpidetu bidaiaren berri izateko

ZAZPIren babesleak:

laboral kutxa
Erreka
gualbi-logoa

ZAZPI proiektuak Eusko Jaurlaritzaren babesa izan du

Eusko Jaurlaritza HPS