ZAZPI - 14 Laugarren etapa

2022ko azaroaren 28a

Hirugarren etapa amaitu nuen pentsatuz etxera nahi baino goizago iritsiko nintzela.

Baina saiatzea nahi nuen.

Atzo nola amaitu nuen banekien.

Gaur nola egongo nintzen ez.

Eta hori jakin barik, ez nuen erabakirik hartu nahi.

Ekin diot egunari. Serio demonio.

Etapa zatitxotan banatu dut, egingarriagoa bihurtu nahian.

Larraungo Etxarrin ekin diot egunari GR-12 ibilbidearen markei jarraituz. Noraino?

Hemen daude laugarren etaparen GPX fitxategia eta Stravako jarduerara sarbidea.

Atzoko ezinaren ostean, hemen laugarren etaparen laburpena:

Entzun:

Audioa entzungai hainbat plataformatan: Anchor.fm, Spotify, Google Podcast, …

Ibilbidearen deskribapena

Laugarren etapa hau Larraungo Etxarritik ekin nuen GR-12 ibilbidearen marka zuri-gorriak jarraituz. Kilometro mordoxka batez joan nintzen GR-12tik, Soratxipi ingururaino, beraz, ibilbidea ondo markatuta aurkituko duzu.

Tokia zoragarria iruditu zitzaidan.

Zazpi bat kilometrora Ireber mendiaren albotik pasa nintzen, bertara igotzea erabakiz. Ikuspegiak merezi du.

Bidean zehar, ganoraz markaturiko bidea aurkitzeaz gain, hainbat seinale zeuden distantziak eta norabideak azalduz: Lekunberri (nekarren norabidea) eta Gorostieta (erdibidean neukan mendatea).

15 bat kilometro egin nituen Etxarritik Gorostietara. Hor neuzkan zain Pello eta Iñaki, errepidea gurutzatzen duelako ibilbideak.

GR-12ak Soratxipi inguratu egiten du eta gu gainez-gain joan ginen tarte honetan. Beintza-Labaien herrira jaistean egin genuen berriz ere topo berarekin.

Soratxipin 19 bat kilometro generamatzan eta hortik Beintza-Labaienera beste bost kilometro inguru zeuden, denak maldan behera.

Beintza-Labaienen iparralderantz doa GR-12 ibilbidea, Aurtitz aldera, eta nik Donezteberako errepidea hartu nuen.

ZAZPI bidaian aldatuko nuen ibilbide tartea hauxe litzateke, errepidetik joatea ez zelako atsegina izan, nahiz eta trafiko gutxi egon, beti delako desatsegina eta arriskutsua.

Urroz eta Oiz herrixkak pasa ostean, 34 kilometro neramatzan Doneztebera iristean.

Doneztebetik etapa amaierara Bidasoan gora doan bide berdean gora joan ginen, Legasatik pasa ostean. Sei bat kilometro egongo dira Doneztebe eta Oronoz-Mugairi artean, non Bidasoa ibaiak izena aldatzen duen Baztan ibaia bilakatuz.

40 kilometroko etapa izanik, luzea egin dakioke bat baino gehiagori, horregatik, aukera ona da Labaien, Urroz, Oiz edota Doneztebe erabiltzea etapa amaiera gisa.

Zazpi - 13 Hirugarren etapa

2022ko azaroak 24

Mina, ezina, etsipena, … hitz hauek laburbiltzen dute bidaiaren hirugarren etapa

2022ko azaroak 21

Lehen egunaren biharamunari errespetua nion, nola egongo nintzen? Indarrik geratuko zen?

Harpidetu bidaiaren berri izateko

ZAZPIren babesleak:

laboral kutxa
Erreka
gualbi-logoa

ZAZPI proiektuak Eusko Jaurlaritzaren babesa izan du

Eusko Jaurlaritza HPS

2022 CC – BY – SA