2022ko azaroaren 21a
Lehen egunaren emozioek apur bat lebitatuz eraman ninduten aurreneko etapan.
Abentura hastearen poza. Konpainian egotea.
Aurrenekoan 55km pasatxo izan ziren. Gaurkoan 35 bat kilometro.
Eta errespetu gehiago nion gaurkoari. Bigarren egunari. Aurrenekoaren biharamunari. Lehen eguneko ametsetik esnatu eta indarrak joanda zeudela jabetzeari.
Gainera, bigarren etapa hau berezia zen niretzako: nire iraganarekin lotura zuzena zeukan. Gertuko eta urruneko iragana.
Behean ZAZPI bidaiaren bigarren etaparen kontakizuna. Arantzazun hasi eta… noraino? Zerorrek deskubritu ezazu 😉
Ni bezalako friki maiteentzat, hemen bigarren etaparen GPX fitxategia eta Stravako jarduerara esteka (modu informatiboan, ez petsua atera eta esateko ze azkar joan naizen, alderantziz!).
Zatoz nirekin!
Audioa entzungai hainbat plataformatan: Anchor.fm, Spotify, Google Podcast, …
Arantzazun ekin nion Zazpi bidaiko bigarren etapa honi eta handik Urbiara jo nuen. Bost bat kilometro daude Arantzazu eta Urbia artean.
Urbian Aizkorri alderantz jo genuen baina Arbelarko txaboletan Iraulera daraman aldapatzarrean gora hartuta. Desbideraketa honetatik aurrera Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren ibilbidetik gindoazen, baina kontrako norabidean.
Irauletik mendilerroa jarraituz bertan dago bidaiko hirugarren tontorra: Aketegi, Gipuzkoako mendirik garaiena!
Aketegitik Aizkorrira kilometro eskax bat egongo da; jada 8 kilometro generamatzan Sancti Spiritura daraman jaitsierari ekitean.
Mendi maratoiaren ibilbidetik doan tarte honetan, uneren batean ez bazaude bidearekin ziur, eman buelta, begiratu nondik zatozen eta bilatu puntu horiak. Horiek markatzen dute Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren ibilbidea. Baina, esan moduan, kontrara joan behar gara.
Sancti Spiritutik Aldaolako aparkalekura distantzia laburra dago. Hortik Otzaurtera jaitsi beharra dago, bi aukera egonik: pistan behera joan edota mendi-bidea hartzea. Indarrak gordetze aldera pistatik joan nintzen ni.
Otzaurten 15 bat kilometro neramatzan. Bertan taberna eta iturria daukagu.
Marka zuri-gorriak jarraitzen iritsiko gara hurrengo toki seinalatura, Etzegaratera.
Etzegaraten N-I errepidea saihestu beharra dago eta GR ibilbideak itzuli handi xamarra ematen du.
Pare bat kilometroko aldapa tentea dago Etzegaratetik Balankaleku mendira. Bertan 21 kilometro inguru eramango ditugu jada.
Hortik Lizarrustira beste 12 kilometro inguru izango dira baso ederretan barrena.
Bideak gora eta behera egingo du, Lizarrustirako azken jaitsierara iritsi arte.
34 bat kilometroko etapa, Arantzazu – Lizarrusti.
Osorik egin beharrean bitan zatitu daiteke, Otzaurte edota Etzegarate amaiera/hasiera gisa hartuta.
2022ko azaroak 17
2022ko azaroak 14