ZAZPI - 11 Lehen etapa

2022ko azaroaren 17a

Nolako gogoa neukan bidaia hasteko!

Lasterketa edo bidaien bezperan beti daukat sentsazio berdina: hasi dadila behingoan!

Eta hasi naiz!

Edo, hobe esanda, hasi gara.

Ze, lehen egunetik oso babestuta egon naiz. Konpainia oso onean. Lagun zahar eta berriekin.

Beheko bideoan ikusi dezakezu zein izan den ZAZPI proiektuaren bidaian egin dudan lehen etapa. Non hasi, nondik pasa naizen eta non amaitu dudan.

Hemen daukazu GPX fitxategia eta Stravan badaukazu hona hemen lehen etapa honen jarduera.

To! Zatoz nirekin bidaian!

Entzun:

Audioa entzungai hainbat plataformatan: Anchor.fm, Spotify, Google Podcast, …

Lehen etaparen ibilbidea

Pagomakurreko aparkalekuan ekin nion ZAZPI ibilbidearen lehen etapari. Bertatik Arrabako zelaietara igo ginen, Lekanda mendiaren albotik pasata.

Arrabatik gorantz jarraituta bidaiko zazpi tontorretan lehena igo genuen berehala: Aldamin! Bizkaiko tontorra.

Demaseko haizea egiten zuenez, azkar jaitsi behar izan genuen bertatik eta alboan duen Gorbeiara jo genuen. ZAZPI bidaiko bigarren tontorra, Arabako punturik garaiena!

Egindako bidetik itzuli ginen Aldamineko lepora eta hortik Ubidera jaitsi. 17 kilometro neramatzan Ubiden.

Ubidetik Otxandiora, Hiru Haundietako ibilbidetik. Beste aukera bat litzateke GR markei jarraituz egitea tarte hau, baina apur bat luzeagoa da.

Hiru bat kilometro daude Otxandiora eta bertan bai, GR ibilbidea hartzen da Oletara iristeko.

Oletan komeni da ura hartzea, ondoren Orixol mendirantz hartzen delako eta zailagoa izan daitekeelako zer edana topatzea.

Oleta atzean utzi eta baso ederrean gora ekiten diogu, Orixol tontorrera iritsi barik, Krutzetako portura hartuta.

Gaurko egunaren 31. kilometroa pasatxo eramango dugu Krutzetara iristerako. Hortik Apotzaga auzora sei bat kilometro ditugu, mendiko pista on xamarrean gehienbat.

Aretxabaletara iristean 39 kilometro hanketan eta Urkuluko urtegirantz hartu nuen, harrizko pista erosoan gutxika igotzen.

Urkulu inguratu eta Araotz aldera, Orkatzategi mendiaren magaletik.

Jaturabe urtegia baino beherago iritsi ginen errepidera. Hor Arrikrutz kobako aparkaleku albotik pasa eta PR seinaleei jarraituz bide polita dago Arantzazuraino.

Hor amaitu nuen 55 kilometro inguruko lehen etapa hau: Pagomakurre – Arantzazu.

Osorik egin ordez, bi edota hiru egunetan banatu daiteke Otxandio edota Aretxabaleta baliatuz. 

Zazpi - 10 Entrenamenduak

2022ko azaroak 14

Nola entrenatzen da bat inoiz egin ez duen zerbaitetarako? Ezezaguna nola prestatu?

2022ko azaroak 10

Diagnostikoaren ostean zenbait gauza ikasi ditudalakoan nago eta hemen partekatzen dut

Harpidetu bidaiaren berri izateko

ZAZPIren babesleak:

laboral kutxa
Erreka
gualbi-logoa

ZAZPI proiektuak Eusko Jaurlaritzaren babesa izan du

Eusko Jaurlaritza HPS

2022 CC – BY – SA